Esne bateatua

 
Bilbok, dudarik gabe, bere nortasun berezia dauka. Eta bilbotar bakoitzari ere bere nortasuna emoten deusku.

        Gure aparteko nortasun hori huri honetara lehenago etorririko baserritar langileen fintasun, zuhurtasun, maltzurkeria, harrokeria, gatz, piperminez eta perejilez egina dela uste dut nik, hau da, huritar, kaletar bihurtu garen baserritarrak garela bilbotarrok.

        Bai, ba dakit kanpotar asko etorri dena azken berrogei urteotan. Ba dakit gure nortasuna bera ere aldatu egingo dabena bertokotuz bertokotuz. Baina oraingoz behintzat gure nortasunaren eta zertasunaren, gure izakera ta kulturaren jatorria baserria dela esango nuke. Ta, horrexegaitik, baserrira, iturrira, gure sustraietara jotzen dogu beti gure nortasuna agertu gura dogunean, hau da, baserritartu egiten gara, gure baserritarren ezaugarririk agirienak geuregandu ta geuretu egiten ditugu.

        Gure etxeetan baserritarren irudiak eta argazkiak (heuren txapel, buruko painelu, sudur eta okots luzez) edo lanabes eta tresnak eukiten ditugu apaingarritzat.

        Gure taberna, bar, jatetxe, kafetxe, gau klub, boite eta abar ere, baserri erara edo baserrietako gauzez jazten ditugu, eta baserri usainezko izen dotorez bateau: Mama gozoa (Enbeita kaleko taberna), Txinboen kabia (Lauaxeta kaleko dantza lekua), Artopil (Artola ta Pildainen jatetxea, Ikurrin kalean), Xeluko txalien uldaia (Txin Txo txinoaren jatetxea, Askatasun kalean), Zirritoki (gau klub entzutetsua, Euskal Herriko enparantzan), Basoko ur gorria...

        Gure orfeoi entzutetsuetako abeslariek ere baserritarren, lehenagoko baserritarren erropa jatorrez jazten dira. Eta baserritarren abestiak kantatzen ditue.

 

                «Batzuk uju,

                besteak juju,

                berein agure han dira

                bekaitzarren begira.

                Bizkor ta azkar,

                lehena bakar

                dabil jira ta bira.

                Txakolin, txakolin,

                txakolin eta txuzpin,

                txakolin, txakolin,

                txakolinak on egin».

 

        Gure txistulariak, soinulariak eta dantzariak ere baserritarren erara jazten dira. Eta mutikotxoak eta neskatotxoak ere bai jai egun handi batzutan. Eta mutikotxo eta neskatotxo ez direnak ere bai halako egunetan. Eta beste egun askotan ere bai.

        Gure etxeetan, gure kaleetan, gure mendietan, gure batzarretan, bazkarietan, afarietan..., edozein lekutan eta edozein ordutan, edozein talde orfeoi bihurturik, baserritarren abestiak kantatzen ditugu bilbotarrok. Eta gartsu kantatu ere.

 

                « ... y también hay derecho

                meriendatzean,

                y haserle zirris a la criada

                sukalde atzean».

 

        Eta gure Atletik ikustera Madrilera joaten garenean? Orduan gara mutilak bilbotarrok! Orduan kaiku edo brusa, gerrikoa, abarkak eta guardasol baten antzeko txapeltzar bat jantzirik, gure zahatoak eta eztarriak ardoz eta baserritarren kantuz aseturik, hor goaz, zerak guztiak baino harroago, zoroago ta farolago, gure euskal nortasuna nonnahi erakutsi gurarik, gure bilbotartasuna ta bilbotarkeria nonnahi agertuz.

 

                «I, i, i, ardoak gaitu bizi,

                noizik behin ongi busti,

                edan gabe ez utzi,

                i, i, i, ardoak gaitu bizi».

 

        —Ez al dakizu zer den Bilboko ura? Zuek madrildarrok ez dakizue ezer jakin ere ta, agintzen edo ezik! Txanpana, gizona, txanpana! Atera, bai, atera bizkor! Bat...? Nor garela uste dozu, ba? Bategaz hasteko ere ez dogu, txo! Zenbat? Zortzi bat botila edo. Atera, atera! Lehenengo txandarako nahikoa izango da. Gero gerokoak!

        —Aupa Atleti!

        —Ehun pezetakoa? Hori kalderilla da guretzat.

        Nortasun berezia dogu, bai, bilbotarrok, Bilboko farolen argitan. Eta nortasun hori baserritarrengandik datorkigu. Eta Txorrierri aldeko baserritarrengandik gehien batean, gure asaba ta eredu izan ditugun txorierritarrengandik.

        Izan ere, Txorierri izan da gure baserria, Txorierri gure ortua. Zenbat eta zenbat ortuari etorri ete da handik hona otzaraz, zaranez, zakuz, zorroz, lepoz, gurdiz, trenez, astoz, autoz...?

        Txorierri eta Bakio izan dira gure txakolin iturri ere. Gure esne iturri ere bai. Txorierri izan da gure mahastia eta behia. Zenbat eta zenbat txakolin garrafoi eta botila ta esne kantinkada etorri ete da handik ona...?

        Gure txori herri ere Txorierri izan da. Unamunoren berbak erabiliz esanda «Chorierri, la inmensa calma de la aldea, tierra de pájaros, la tierra de promisión, el campo de los chimbos y chimberos».

        Txorierri izan da, batez ere, gure Botxoaren botxo aberatsa. Baina hauxe da handiena: Txorierriko baserritarrak burlazahar hartu izan ditugula gehienetan eta kokolo, jebo, artaburu, morokil, borono, arlote ta holako lora mingarriak bota deutsaguzala maltzurkeriaz.

        Bai. Ondo eginaren pagua, ate ostean palua edo lepoan palua, gure erdal jakituriaz, gure huritarkeriaz, gure adar jotzeaz, guk bilbotarrok aurretik erabili izan ditugu txorierritarrak. Ta, jakina, ikaratu egin ditugu. Barriro ere Unamunoren berbak erabiliz, «el chorierrico teme al chimbo bilbaino, que se burla de él, le pisotea las sementeras y le manosea la hembra».

        Halan ta guztiz ere, kokolo aurpegia ipini arren ta ikara itxura, ba dakie, ondo ere ondo jakin ere, heurentxoa egiten. Semeak zuhurra dela uste izan arren, aitak baino gehiago dakiela pentsatu arren, aitak gehiago jakiten dau ta zuhurragoa izaten da bizitzako gorabeheretan. Bai ba: zer ikusi, ha ikasi.

        Guk bilbotarrok ere, gure guraso diren txorierritarrak baino gehiago dakigula uste izan arren, zer ikasi asko dogu oraindik txorierritarrengandik. Gu adarjotzaile, burlati bagara, Txorierriko baserritar kokolo artaburuak gehiago dira oraindino. Eta guk tranpak egiten deutseguzelakotan, heurek egiten deuskuez handiagoak guri. Kokoloka ere, kontuz Txorierriko baserritarrekin. Eta esne saltzaileekin batez ere! Bizkorrak zer dira gero!

        Lehenago, Bilboko kalerik kale ta etxerik etxe ibiltzen ziren txorierritarrak egunero esnea errepartitzen, noizean behin iturriren baten geldiaditxo eginez. Iturri asko egoten ziren egon ere orduan Bilboko kaleetan eta! Baina, gero, esne zentralak sortu ziren ta esnea Bilbora ekartzeko ta hemen errepartitzeko beste era batzuk sortu ziren, ta ez jakuz orain esnedunak Santadomingotik edo Enekuritik behera etortzen. Zentraletako kamioiak heurak joaten dira orain baserrietara, ta esnea neurtu, esnearen lodiera neurtu, salneurria neurtu..., esnea esne izaten ei da orain ta litroa litro. Kristau izan ziren baserriak jentildu egin dira barriro ere (basajaunik bako basoen jaun izanik orain), eta zentralak kristautu, ta zentraletan bertan bateatzen da esnea orain, ta dendetan saldu.

        Dendetan saltzen den esne hori edaten dogu, ba, gaur egun gehienok Bilbon. Baina guztiok ez. Urazurrutian bizi den Zorion Potolori (potoloa zer da gero izan ere berau!) Txorierriko baserri batetik ekartzen deutse orain ere egunero kotxean, Derioko baserri batetik.

        —Ez dago baserriko esnea lakorik. Botako deutse, bai, beharbada, ur apurren bat eta neurrian ere zeozer ohostuko dabe... Baina, halan ta guztiz ere, ez dago baserriko esnea lakorik. Hurrik emon ere ez! Horixe ez! —esaten dau Zorionek bere potolotasunari ta zoriontasunari eutsi ezinik.

        Oinez ibiltzea konbeni jakola ta, Derioko baserriraino bertaraino heldu zen lehengo arratsalde baten, etxeko legez zituan Martina ta Klaudioren baserriraino. Eta esnea erasten Klaudio orduantxe.

        —Kaixo, Klaudio!

        —Ene! Zorion! Arratsaldeon! Zer? Zelan, ba, hemendik?

        —Ba, ba dakizu... Lodiegi nagoela ta, medikuak...

        —Bai, ba dakit. Ez dakit nork esan eutsola esan eustan nonok lehengo astean edo. Ba, begira. Atzo bertan ibili zintugun gogoan gure atsoak eta nik. Zelan oinez ibiltzeko agindu eutsun medikuak, egunero ibiltaldi handiak egiten dozuzala, zelan Artxandarantz joaten zaren...

        —Gaur honaino etorri naz etxerik hasita.

        —Ibiltaldi ederra egin dozu. Benetan!

        —Nekatu-nekatu eginda nago.

        —Oinez joateko ostera ere?

        —Ez, ez. Bai zera! Lar izango litzateke hori niretzat. Gaurko nahiko da. Trenez noa.

        —Ederto!

        —Ta hemen nagoenez gero, esnea ere neuk eroango dot. Horrela ez dozue bihar hara etortzen ibilienik.

        —Baina...

        —Kantintxoren bat izango dozue horretarako ezta?

        —Bai, bai. Baina... Bardin-bardin joan behar dogu bihar... Bai, ba dakit. Baina neuk eroatea gura neuke baten.

        —Ondo dago. Oraintxe ipiniko deutsut. Zoaz sukaldera, oraintxe joango naz neu ere ta. Martina! Zorion etorri da...

        —Oraintxe arte, Klaudio.

        —Bai.

        Ezkatzera joan zen Zorion Martinagaz. Ta intxaur batzuk eta txakolina atera eutsozan honek. Ta jaten, edaten ta alkarrizketan egozalarik, dei bat entzun zen gorta aldetik. Klaudiorena.

        —Martinaaa!

        —Zer?

        Hasarre ta izerditan egoen Klaudio deabrua bera baino ostikalariagoa zen behi zahar bati esnea eratsi ezinik. Balde erdi bat erasteko ordu erdi baino gehiago emon eban.

        —Ekarri ura, Martina!

        —Baina, Klaudio...

        —Ekarri! Txabolako txorrotik. Arin!

        —Baina, gizona...

        —Arin ekartzeko, ba!

        Esan ta egin, ba doa Martina dardarka ura ekartzera, Zorionek ikusiko ete dauen bildurrez.

        Ura ekarri, ta goraino bete dau baldea Klaudiok, Jesus ta amen esan orduko. Ta sukalderantz doaz senar-emazteok berehalaxe.

        —Esne asko behiak, e? —Zorionek, baldekada esnea ikusirik.

        —Sarri euki izan ditugu behi esnatsuagoak ere. Behi holandesak esne asko bai, baina mehea emoten dabe. Esne ona bai —Klaudiok.

        —Itxura ona dauka honek behintzat —Zorionek.

        Jan, edan, alkarrizketa luze bat egin ta pozik joan zen Zorion trenerantz, eskuan kantintxoa hartuta. Pozik bere Botxo maitera.

        —Ez dago baserriko esnea lakorik! Eta gaurkoa erraperik harakoa gainera! Ez dago baserriko esnea lakorik...!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia