—10—

 

Ordubietako trena ba doa.

        Ilundu egin du pizka bat. Negarrez hasiko ote zaigu, bada, berriz ere, eguzkia?

        Zigarro bat biztu du Simon Berritsuk. Ez da egon hitz sinonimuen sariketan. Gezalara joan beharra izan du, hango estazioko jefearekin egotera. Ez daki ezer. Obeki esanda, oraintxe bertan esan dio Enekoneko Andresak zer jazo den.

        —Bai zera? Ez dot ezer jakin, Andresa. Oraintxe etorri naiz etorri ere Gezalatik eta... Gazte batzuk izan direla diozu? Zoro gaztea beti! Gure Finiri ere beti esaten diot nabarmena ez izateko baina, alperrik da... Mantsotuko dira hemendik urte batzutara, berez, bai horixe! Biaje bat egiteko trena lakorik ez dagoela esaten dot nik beti baina, gaur aspertu naiz trenean gazte gogaikarri batzukin. Jesus! Haiek izan dira izatekoak...! Pizkatxo bat ongi dago baina, hainbeste ere... Neskak izan dira gehienak, gainera. Oso nabarmen jantzirik (modara jantzirik ez joatea izango da laister moda), kantuka etorri dira. Pop, camp, folk, in, maxi, mini..., ez dakit nik zer esaten izan duten, erdiak ere ez bai dizkiet ulertzen gaurko gazteei. Buruko mina ematen dit, Andresa, gogoratzeak bakarrik ere. Haiek erabili dute kantuaren kantua...! Zera..., ba ahal dakizu Botxoakoa? Ez? Lehentxoago esan omen du irratiak, ba! Jakina: orain, telebisioa dagoenetik, inork ere ez du entzuten irratia ta... Ba, Andoni Botxoan atxilotu dute, baina Jopu ez da agertu oraindino. Ekidazun ere nahaspila edo iskanbila haundia sortu dela diozu baina, hangoa ere izugarria izan omen da. Zirritokiko Don Gregorio ere atxilotu egin dutela entzun dut; baina laister libratuko dutela diote. Koldo ta ere beste nonbaitera eraman dituzte. Nire adiskide batek ikusi ditu daramatzitela..., era ezin kendu izan omen diote mozorrorik... Itxaron, itxaron, oraintxe joango zara, Andresa. Esan, mesedez, zuen Pedrori fulboleko postura lehengotan dagoela, ba daki berak. Ez ahal zenekien partidua telebisatzen dutenik? Neuk ere ikusi nahi nuke baina, ba dakizu, behin ardura bat leporatu ezkero... Finik ez zuela jokatuko esan zuten atzo, baina jokatzen omen du. Fini esan dut? Barka esaidazu, Andresa. Fini, nire alabaren izena da; Tini esan nahi izan dut. Zerak zera zertu duela ere hor zereko zerean... Agur, Andresa, gero arte.

        Egia ote da Botxoakoa? Joan egingo naiz, badaezpada, Botxoara.

 

 

Botxoara joatekotan nengoelarik, Urruxa, Urderen arreba etorri zait.

        Hiru mahats orri berdez jantzirik, oso majarik etorri da. Kontutatu barik, nire mahats orria okertuta euki dut eta, zuzendu egin dut berehalaxe.

        —Kaixo, iratxo!

        —Urruxa, aspaldiko! Zer moduz?

        —Ongi, iratxo. Ta hi?

        —Hemen negon, lan ta lan.

        —Beti bezala.

        —Ez...

        —Ba zekiat. Urdek esan zidak zertan ari haizan. Hire bila ibili nauk, baina kosta zeidak hi aurkitzea.

        —Hemen egon naun. Zer nahi dun, ba?

        —Hiri lagundu.

        —Zertan?

        —Idazten.

        —Idazten?

        —Bai. Hi eskuz idazten ari haiz baina...

        —Baina zer...?

        —Obe duk makinaz idaztea. Argiago, errezago ta arinago idatzi dezakek honelan.

        —Ez dinat uste. Ba dinat idazteko makina bat, eta argiago, bai, idazten dinat harekin, baina errezago ta arinago ez; nik ez, behinik behin.

        —Baina ez ahal duk ezagutzen Ximist, oraintsu agertutako makina berria?

        —Nolakoa dun makina berri hori, ba?

        —Berez idazten duna.

        —Berez...?

        —Bai; hik esan ta harek idatzi.

        —Ta non zegon makina zoragarri hori?

        —Botxoan.

        —Oraintxe bertan nengonan haraxe joatekotan.

        —Ba, hator. Neure egazkin berrian joango gaituk.

        —Ea, ba.

        Esan ta izan, ba goaz Botxoarantz Urruxa ta ni. Ostikada bateaz apurtutako txindurri pilo bat ematen du goitik Ekidazuk. Eta oraindino han dagozan edo oraintxe handik doazan autobusak txindurri arrautzak dirudite. Hemendik irten, han sartu, batera ta bestera dabiltza txindurriak. Ez dut jakin nahi nolakoa izan den hango nahastea!

        Geroa ta txikiago egiten da Ekidazu. Neska gazte baten jantzi nabarmen bihurtu da. Mosaiko baldosa txiki bat. Laino.

        Laino tartetik doa nire ama ere, lau zaldiko gurdi batean. Eate ta Hodei daramatzi bere ondoan, ekaitzak, harri erauntsiak eta euri jasak beren eskuetan dituztelarik. Agur egiten digute, ta trumoi hots izugarria entzuten da.

        Halako batean, aireko erraldoi bat agertzen da gure aurrean burrunbadaka. «Boeing 727» bat da, eta tiburoi bat bezala dator gureganantz.

        —Kontuz, Urruxa! Joko gaitin...

        —Ez hadi ikaratu. Ikusten diat. Ez goitik joko. Gora jo du, orduan, Urruxak, eta eguzkitara atera gara. Hauxe bista zoragarria, benetan: aitzinean, eguzkia irriparreka; elurra bezalako laino matazak gure oinetan, laino zurizko itsaso bare bat; erreaktore bat goian, abiada ikaragarrian bere sudur zorrotzaz haize ta soinu-ezia urratzen, ta atzetik darion ke zuriaz mozorroak egiten, gure Mari-k lurpeko jauregietan dituen antzekoak; eta goi goian, zabal zabalaren zabalean, inor ageri ez den neurrigabetasunean: hutsaren huts hutsa.

        —Liluragarria dun hau, Urruxa.

        —Hala duk.

        —Baina ezin bizi hemen.

        —Ez, egia duk hori ere.

        —Ametsezkoa dun hau.

        —Bai. Zeruetan edo lurpetan, ametsetan bizi gaituk gu gehienetan.

        Berriz ere, laino tartera sartu, eta berehalaxe jatsi gara Botxoara.

        Simon Gezurrek esan duena gezurra izango zen. Bai. Ez dut uste nobedaderik dagoenik Botxoan. Denda batera eraman nau Urruxak. Dendako ateburuan Idaz-Mak irakurri dut. Idazteko makina mordo bat erakutsi dizkit, zein baino zein ederragoak. Eta, azkenez, Ximist hura erakutsi dit. Ikusgarria, benetan! Hain zuzen ere, magnetofono batek hitzaldi bat hartzen duen bezala, Ximist -ek hartu ta idatzi egiten du, gainera, hitzaldia.

        Pozaren pozez, jauzika hasi naiz, eta bi musu eman dizkiot Urruxari.

        —Goazen, Urruxa, kopau bat hartzera. Hori baino gehiago ere merezi dun hik baina... Ximist hartu besartean, ta, denda hartatik irten baino lehen, azkonarraren erpa bat utzi du Urruxak, haren ordez, hura egon den lekuan.

        Arri-Uri tabernara joan gara kopau bana hartzera. Igel bina jan ditugu, ta Bilboko ur kopa bana edan.

        —Ba ahal dakik Arri-Uri izen horrek zer esan nahi dikan?

        —Jakingo ez dinat, ba! Harriz egindako uri bat esan nahi din Arri-Uri-k.

        —Ez, ba!

        —Ez?

        —Deitura biren bidez asmatutako ta atondutako izen bat duk hori, taberna honen jabeen deiturekin. Arrizabalaga Kepa ta Uriarte Iñaki ditut jabe bi hoiek. Ulertzen ahal duk?

        —Bai, bai.

        Bilboko ura (txanpana esaten diote Ekidazun) beste iri batzutakoa baino indartsuagoa omen da (farolak ere argitsuagoak dira). Dena dela, txoro morotu, txolindu egin gaitu. Eta, jakina, ezkonberri batzuk bezala ibili gara Urruxa ta ni Botxoako kaleetan zehar paseatzen.

        Eguberri usaia ematen izan du iriak. Ordubiak eta hogei izan dira Madmonen elizako erlojuan. Eta eliza haren aurreko enparantzan dagoen Eguberri-Zuhaitza negarrez egon da, lehentxoago egin duen euri zaparradagaitik, eta negar malkoak dizdizka jausten izan zaizkio bere azpiko ispilura.

        Izar haundi bat agertu zaigu kale ertz batean, bere buztan luze ta guzti. «Calzados Pepe» jarri du norbaitek, letra gorriz, izarraren erdi erdian.

        Arno kalea txikiteruz gainezka egon da: edan eta txiza egin, txiza egin eta edan..., eta bien bitartean: fulbola, andrak, jornala, politika, fulbola, andrak, jornala, politika, fulbola...

        Arno kalea ezeze, beste kaleak ere gainezka egon dira autoz eta jendez. Autoa hemendik, autoa handik, norako ote du hainbeste presa jendeak? Jendea hemen, jendea han, jendea, jendea, jendea... Eta herria?

 

                «Hor dago, hor dabil

                jendea:

                artalde,

                uholde

                nortasun gabea.

                Hor dago, hor dabil

                herria:

                gizarte,

                elkarte

                nortasun zalea;

                herria,

                zurea,

                nirea,

                gurea...

 

                Berriketak

                eta berrikeriak,

                esloganak

                eta azalkeriak:

                jendearen amets

                ta gidariak.

                Magnetofonoa,

                tximino zoroa,

                dirudi jendeak.

 

                Elkar hizketak,

                ikastola berriak,

                errefranak

                ta zaharren egiak:

                herriaren maisu

                ta gurariak.

                Pertsonen gogoa,

                nortasun sendoa

                nahi du herriak».

 

        Ekidazura itzuli orduko ia hiru t'erdiak egin zaizkigu. Bazkal ordua.

        Basamortu bat bezala egon da herria. Lagun gutxi ageri izan da kanpoan. Haurrak bakarrik, Ekidazuko haurrak: neguko loreak, etorkizunaren egun sentia, bihar etziko gizon ta andren landareak, mintegia...

        Izadia lozorroan egon da, bazkal ondoko lo kuluskada egiten, neguaren gelan.

        Bat batean, neguari deika, araoka, atarraldika, hasi da Urruxa.

        —Negu! Negu! Negu mingarri ta beldurgarri hori, non hago? Zertan hago? Itzartu hadi. Udaberri hire zain zegok, hire sabel ezkutuan, hik noiz askatuko. Zer diok? Ezetz? Zapaltzaile zantarra...! Ba, hik nahi ez arren, neuk askatuko diat Udaberri. Bai. Ikusiko duk laister. Astindu, inarrosi egingo haut, eta sabela lehertu egingo zaik nire bultzadaz. Estu ta larri egongo haiz erditzaren oinazetan, eta hire errai ilunetatik Udaberri jaioko duk, gazte ta libre, hazi berriz, lore berriz, ta itxaropen ta poztasun berriz apaindurik.

        Bazkaltzeko konbite egin diot Urruxari, baina bere etxera joan da. Ni ere, Ximist besartean harturik neure etxerantz joan naiz bazkaltzera.

        Simon Berritsu bazkalduta egon da ordurako, hiru t'erdietako trenaren zain, esku artean euki duen txistuaz kurkuluxetan jokatuz. Sei zortzi gizon ta lau bost andre izan ditu bere inguruan, eta arretaz entzuten izan dute haren bakar hizketa.

        —Hitz sariketaren antolatzaileak haserre omen dagoz. Arrazoia dute. Hizkuntzaindira bidaltzeko karta bat idazten ari omen dira, orain, tabernaren baten. Ekidazuko taberneruak ere haserre dagoz ta kristorenak esan dituzte. Bai ba! Botxoan atxilotu omen dituzte gazte adar-jotzaile ganorabako haiek... Baina haundiena Andonirena ta Jopurena izan da. Ez ahal duzue ezer entzun? Ba, hau egia da: Andoni ta Jopu hilda agertu dira, biak bai, Gezalako hondartzan. Ez dakite nor izan den hiltzailea..., edo hiltzaileak, bat baino gehiago izango ziren, beharbada, ta. Tiroka hil omen dute Jopu. Andoni ez, Andonik ez omen du tiro seinalerik. Gizajoa! Haren aita ere oso gaizki omen dago, ta ama ta arreba erdi zoraturik... Ez duela ezer jakin nahi ta ohera sartu dela Don Trifon esan dute, ta giltzatu egin duela bere gelako atea. Baina oraindino haundiagoa ere entzun dut. Entzun hau, eta zeuei bakarrik esango dizuet, eta ez dezala, mesedez, beste inork jakin, hara: Olazaharko Amaiak bere sabelean daukan umea Andonirena omen da. Zer deritzaiozute? Haundia da gero! Ez, zihur-zihur ez dakit baina... Nork daki zihur, ba? Dena dela, Andonik ez du ikusiko Amaiaren semerik. Zer egingo dugu, ba? Mundu hau holaxe da ta... Demetria! Demetriaaa...a! Gortu egin zara ala? Ba dator trena...! Katarrotu egin da ta, gortu ere bai, antza; Fini, ostera, Jainkoari eskerrak, oso ongi dabil; gazte egon ere ta... Arratoi bat arrapatu du, gaur goizean, gure katu beltzak... Behia hil zaio Brauliori... Fulboleko partidua bostetan hasiko da... Irratian entzun dut... Telebisioan ikusi dut... Periodikuan irakurri dut... Jendeak dio... Urliak... Sandiak... Berendiak...

        Ba datoz Simonen hitzak. Ba doaz Simonen hitzak.

        Ba dator trena Ekidazurantz. Ba doa trena Gezalarantz.

        Ba datoz antzarrak laino artetik. Ba doaz antzarrak laino artetik.

        Aeroplano bat dator mendi oste batetik, aeroplano burrunbari bat. Ba doa aeroplanoa mendi osterantz.

        Ba datoz lainoak. Ba doa eguzkia.

        Ba dator denbora. Ba doa denbora.

        Ba dator negua. Ba doa negua.

        Ba datoz gazteak. Ba doaz zaharrak.

        Ba datoz... Ba doaz...

        Dana dator, etorri dator; ni ere ba nator.

        Dana doa, joan doa; ni ere ba noa.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia