—4—

 

Kixmi etorri zenean galdu ginela gu esan ohi da. Eta egia da, hainbat iratxo galdu bai ziren orduan. Baina Kixmirenganatu ta kixmitar egin ginenok ez ginen galdu.

        Iskiloetako arma-fabrikak egin zituztenean hil gintuztela ere esan ohi da. Baita basoak garbitu zirenean suntsitu ginela ere.

        Dena dela, kixmitarrok eta kixmitar ez direnak, bizirik gagoz oraindino iratxook. Bizirik gagoz, bai, eta bizirik egongo gara urte askotan oraindino. Ni bizi naizen artean bai behintzat.

        Egaztiak garela esaten dute batzuek. Besteek, suzkoak ditugula gorputzak. Txerri txikien antzekoak ere egingo gaituzte zenbaitzuek. Zuk zer?

        Berdin zait, eta naiz ta gure zertasuna ta nortasuna zein den jakin nahiean gelditu zu, gauza bat esango dizut: Ez garela gaizkile. Jendea ikaratzea da gure gaitzik okerrena, eta ikaratiak direnak ikaratzen ditugu batez ere.

        Idazten ari naizela esan dizut lehen. Eta esango didazu: «Idazten iratxo bat...? Ez nekien idazten zekitenik». Ez zagoz oker. Hain zuzen ere, analfabetoak izaten dira iratxorik gehienak, ez bai dute ikastolarik. Baina ni autodidakta bat naiz.

        Egia esan, gaztetan irakatsi zidaten zertxobait; baina gainerakoa bakar-bakarrik ikasi dut.

        Fumalari amorratua naiz, nire aita izan zenaren antzera, eta idaztiari utzi ta zigarro bat, basamahats aihen bat, erre dut atseden pizka bat hartzeko ta erne egoteko. Izan ere, ordu askotan itzarrik egon beharra dut gaur. Zergaitik? Begira: burrukalari izatea, teman ibiltzea, trabesak egitea, geure odolean daramagu guk iratxook eta, apostu bat egin nuen atzo nire adiskide batekin; Nobela bat hogei ta lau orduan baietz idatzi.

        Nire aita zenak sarri esaten zidan hiru gauza egin behar nituela iratxo jator bat izateko: Landare bat landatu, liburu bat idatzi ta seme bat izan. Ba, landare bat baino gehiago landatu ditut (nire koba zuloaren aitzinean dagozen haritz tantaiak neuk landatutakoak dira); baina libururik ez dut idatzi oraindino (laister idatziko dut bat), eta semerik ere ez dut izan (baina izan nahi nuke).

        Ez dut libururik idatzi oso alperra naizelako ta idazten erreztasunik ez dudalako. Eta nire alperkeria ta erreztasunik eza niregandik jaurtikitzeko, postura hori egin nuen, bultzagarri izan zekidan. Ehun basamahats ahien sorta irabazi edo galduko ditut. Galdu ez, irabazi egingo ditut. Bai horixe!

        Zigarroa erretzen nengoelarik, Gezalako nire iratxo laguna, Urde, etorri zait.

        —Baina zoratu egin zaik ala?

        —Zer, ba?

        —Ordu honetan idatzen...?

        —Apostu bat egin diat: Nobela bat hogei ta lau orduan baietz idatzi.

        —Baina zenbat orrialdetako nobela?

        —Ehun ta berrogei ta hamar orrialde haundi izan behar ditik gutxienez.

        —Ta...?

        —Ba...! Orri batzuk idatzi ditiat.

        —Baina ba ahal dakik nobela bat idazten? Gauza zaila omen duk hori.

        —Hala duk.

        —Nortzuk izan dituk maisu? —Idazle zaharrak eta herria.

        —Aurtengo «Txomin Agirre nobela saria» irabazi duenaren nobela nabarmen hori irakurri duk?

        —Lejarreneko Mikelena?

        —Bai.

        —Ez, oraindino ez.

        —Zein duk hire nobela horren gaia?

        —Dana: Ikusten eta entzuten eta sentitzen diatena kontatu.

        —Ba ahal dakik Olazaharko Juanena?

        —Bai. Oraintxe idatzi diat.

        —Eta Koldorena?

        —Bai.

        —Eta Gezalakoa?

        —Ez; zer gertatu duk han, bada?

        —Har itzak luma ta orriak eta hator azkar Gezalara.

        —Baina nire egazkina...

        —Neure egazkinean joango gaituk.

 

                «Gezala:

                mendiska baten egala,

                itsasoaren magala.

                Gezala:

                diruaren ahala,

                herri unibersala.

                Gezala:

                iratxoen etsai zitala...».

 

        Behingo batean helduko gara Gezalara Urde ta ni. Hain zuzen ere, hamabost kilometro baino ez dagoz Ekidazutik hara.

        —Itsas aldetik sartuko gaituk Gezalara, Urde?

        —Bai.

        —Mendiren bat jo edo, uretara jausi edo, ez gaitezela egin, behinik behin.

        —Ez.

        —Kontuz bisutsarekin.

        —Bai.

        —Eta zera ere...

        —Ez.

        Txofer doanean, hitz gutxi egiten du Urdek.

        Negu beltza ta gau beltza, dana beltza. Baina argi ona du Urderen egizkinak. Neureak ere izan du lehentxoago arte baina, bateria gastatu edo, ez du argirik egiten orain.

        —Urde!

        —Ez hadi ikaratu, iratxo! Ikusten diat mendiska hori.

        Gezalaren goienean dagoen mendiskaren gainetik goaz; lainozko txapela du ta ia ez da mendia bera ikusten.

        Noizpeinka, elurrezko pinpilinpauxa dantzariz betetzen da argia. Beherantz goaz orain, itsasorantz, arin joan ere. Egazkina beherantz eta gu gorantz goazela dirudi; nire gorputzak gorantz egin nahi du, behintzat. Beldur naiz..., baina Urde gidari trebea da.

        Lainozko estalki haundi bat jarri zaio itsasoari ere gaineko alde guztian, eta lehorpedun estadio batean nagoela iruditzen zait (sukartuta dago nire irudimena). Baga-zaldi indartsuak, ahoetatik bitsa dariotela, laisterketa bat egiten ari dira. Oraintxe heldu dira batzuk metara; baina eraman duten abiadaren abiadaz gelditu ezinik, aurreko aitz irme gogorra jo, ta birrindu, suntsitu egin dira.

        Gezalan gagoz.

        —Aiuntamentu aurreko plazan geldituko gaituk, Urde, ez?

        —Bai.

        Oraintsu eraikitako herri bat da Gezala, herri berri liluragarria, paradisu txikitxo bat.

        Ekidazuarrek Zazpiki esaten diote Gezalari. Hain zuzen ere, zazpi kale luze ta zabal, zazpi plaza eder, zazpi parke apain, zazpi diru-etxe boteretsu, zazpi jolastoki atsegingarri, zazpi kafe-etxe lasai ta zazpi hotel ikusgarri ditu herriaren sabelean. Zazpiki bai baina, haundikien zazpikia da Gezala. Eta, ba dakizu, txikikien bederatzikiak baino ederragoak, osasuntsuagoak eta majoagoak izaten dira haundikien zazpikiak.

        Herri-bihotz ingurua, txalet eta apartamentu ederrez loretuta dago. Harrizkoak dira txaletik gehienak, baserri itxurakoak, oso politak; eskudo harro bat dute beren kopetaren erdian; harri dotore hoietan, uste haundiz gordetzen dute gezalatarrek asaben izen ta gomuta.

        Gezala neguan Gezala izaten da. Udan, berriz, herri unibersala, turista asko joaten delako hara. Neguan hizkuntza bat entzuten da: espainola. Udan, ostera, anitz: frantzesa, alemana, inglesa, italianoa, holandesa, espainola... Herri paketsua da Gezala neguan. Udaldian, ordea, hara atseden hartzera joaten direnak ez dute paketan uzten.

        Gaur oso paketsu dago, itxura batean. Kaleetan ez da inor ageri. Aiuntamentu aurreko plaza zabala ere uts-utsik dago. Laurak eta bost dira hango erlojuan.

        Gizon bat dago arkupetan, geldi-geldi ta haserre itxuraz, gabardina zurizka baten barruan. Txakur urdin-nabar haundi itsusi bat ageri da haren ondoan bere mihin luze ta hortz luze ta zorrotzak gorabeheraka dituelarik.

        —Jantzi mozorro hau, badaezpada —esaten dit Urdek, eta zezen-txakurraren irudia duen karatula bat ematen dit jazteko.

        Urdek berak ere berdintsu bat jazten du.

        Beste gizon bat dator. Arkupetan dagoen gizonarengana hurbiltzen da.

        —Agertu ahal da Jopu? —galdetzen dio.

        —Ez —ihardesten dio hark idorki ta garrazki. Gezalako kaleak utsik dagoz, baina argitan. Argitan dagoz etxeetako lehio guztiak ere.

        Txakur zaunka hots izugarria entzuten da, orain, alde guztietatik. Txakurrok basurderen baten atzetik dabiltzala dirudi. Berba hotsa entzuten da. Zer jazotzen ote da?

        Isiltzeko agindu die txakurrei norbaitek. Berehalaxe isildu dira. Deika diardu, orain, beste norbaitek.

        —Jopuuu...u! Jopuuuu...u! Jopuuuuu...u!

        —Jopuuu...u! Jopuuuu...u! Jopuuuuu...u! —erantzuten du oihartzunak.

        Gezalako jauntxo baten txakurra da Jopu, txakurren erregetxoaren txakurra, Don Trifonen txakurra.

        Hondartza luze ta zabalaren goieneko txalet batean bizi da Don Trifon edo Txarlin (ekidazuarrek ezarritako gaitzizena). Gezalako bertako andre aberats batekin ezkonduta dago. Ez dute seme-alabarik. Txakurrak dira haien seme-alaba ordeak.

        Ekidazun jaioa da Don Trifon, baina txikitan bere gurasoekin honera etorria. Berrogei ta hamar urte inguru da etorri zela. Txakurtxiki asko barik etorri zen; baina txakurraundi asko irabazi zituen bere txakurrekin, eta gaur guztiz aberastuta dago eta zenbat diruren jabe den ere ez daki.

        Medikua da Don Trifon. Baina karrera bukatu ta berehalaxe utzi zion medikutzari, ta txakurrak hezitzen saiatu zen, bere ametsik haundiena egia bihurrarazten.

        Beti izan da txakur zalea Don Trifon. Oraindino hamar urte ez zituelarik, bezatu, domestikatu egin zuen arratoi txakur bat: Lau. Lauk eraman ta ekartzen zizkion eskola-liburuak; Lauk ekartzen zuen egunero periodikua trenaren estaziotik etxera; errekaduak Lauk egiten zituen... Fulbolean jokatzen ere irakatsi zion Don Trifonek Lauri.

        Hamar txakur zituen Don Trifonek Gezalara etorri zenean bizitzera. Hamar bakarrik zituen baina, hogei ere izango zituen berak nahi izan balu. Izan ere, seme bakarra zen Trifontxo eta modu haundikoa bere aita; ta, jakina, semeak hau edo hori eskatu, aitak hau ta hori ta hura eman.

        Mediku karrera amaitu zuenean, ehunen bat txakur zituen. Eta handik urte bira, ezkondu zenean, berrehun baino gehiago.

        Don Trifonen gogo ta lehiarik haundiena hauxe izan zen: txakurrei hitz egiten irakastea, berba eginaraztea. Eta urteak joan eta urteak etorri, ekin ta ekin, zerbait lortu zuen.

        Lehenengo ta behin, munduko txakur guztiok erosi zituen eta Ekidazun bere gurasoen lurraldeetan eraiki zuen granja ikusgarrian sartu. Gero, hara ekarri zituen munduko albaiteru ta txakur domestikatzailerik onenak. Eta, behingo batean, mundu guztiko txakur granjarik haundiena ta onena bihurtu zen Ekidazuko granja.

        Han zegozen munduko txakurrik haundieneak eta txikienak, politenak eta itsusienak; erneenak, bizkorrenak, argienak eta kankailenak, moldakaitzenak, baldarrenak; kolore guztietako txakurrak, lodi ta txukun danak. Han zegozen San Bernardo txakurrak, Alaska txakurrak, dalmatak, zezen txakurrak, erbi txakurrak, kanitxeak, artzain tzakurrak, arratoi txakurrak, pomeranioak, pekindarrak, eper txakurrak, txalin txakurrak, ur txakurrak, «boxers», «fox», «basset», eta abar eta abar.

        Aldi hartan, granja barruan sartuta egoten zen beti Don Trifon. Eta bere (diru, entzute, indar ta esku luzearen) serbitzari zintzo ta jakintsuen gidaritza ta laguntzaz, bastartu, arremetu egiten zituen txakurrak, naturalki eta artifizialki. Eta nahastu ta elkartu, esperimentu anitz egin ondoren, txakur erraza berri bat sortu zuen: zezen txakurraren antzeko urdinabar koloreko txakur bat.

        Lehenbizi, pozaren pozez zer egin ez zekialarik, izena ezarri zion txakur kasta berri hari: txifa txakurrak (hitz egin nahirik edo, txifa!, txifa! egin zuelako lehenengoak jaio zenean). Gero, berehalaxe, domestikatzaileei eraman zien ahalbait arinen domestikatu zezaten. Eta laister ikusi zuten haiek berebiziko txakur kasta zela hortarako. Hain zuzen ere, irakasten zitzaion guztia ikasten zuen eta behingoan gainera. Hitz egiten ez zuen, horregaitino, ikasi; baina ulertu dana egiten zuen.

        Beste txakur guztiak saldu edo eman, ta, aurrerantzean, txifa txakurrak sortarazten eta hazten ekin zion Don Trifonek. Eta, urte gutxitan, entzutetsua egin zen mundu guztian.

        Don Trifonen irudia (txifa txakur bat besartean zuelarik) mundu guztiko periodiku ta aldizkarietan agertu zen, eta lehenengo orrialdeetan.

        —Txoriburu harro bat zela ta, Txarlinek ez zuela ezer lortuko txakur granjarekin baina, ibili ta ibili, zerbait egin du —esaten zuten harrituta ekidazuarrek.

        Handik laisterrera, bazter guztietatik eskatu zizkioten txifa txakur hoiek. Haundiagotu egin behar izan zuen granja, serbitzari gehiago ekarri... Eta hiru lau urte barruan diruz josita zegoen.

        Txifa txakur hoietako bat, Jopu, maite-maite du Don Trifonek. Bere seme bat balitz ere ez luke maiteago izango. Bere ondoan erabiltzen du beti, autoan doanean ere bai. Txifa txakurretan apartekoa omen da Jopu: bizkorrena, leialena, ederrena... Behin batean, ehun mila dolar eskaini zizkion Jopugaitik Ameriketako atso neskazaher batek. Baina ez zion saldu Don Trifonek. Saldu? Ez da etxe bete urregaitik ere!

        Jopu saltzerik ez du nahi baina. Jopu barik dago orain, eta horregaitik ari da Jopuri deika Gezalako kaleetan.

        Atzo iluntzean, Jopu «Mercedes» gorrian erdi lo utzi, ta estanko batera sartu zen tabakoa erostera. Bosten bat minutu egingo zituen estankoan; eta bitartean ohostu egin zioten bere txakur maitea. Berriz autora sartu zenean, tarjeta bat bakarrik aurkitu zuen Jopuren jarlekuan.

 

        «Don Trifon: Ba daramagu Jopu. Zure txakur famatu hau berriz bizirik ikustea nahi baldin baduzu, zatoz bakarrik, inori ezer esan barik, bihar, Urte berri iluntzean, zortziretan, Gezalako hondartzako aitzetara, eta ekarri itzazu hamar miloi peseta (ez da asko zuretzat) edo horren baloreko txeke bat.

        Gure esana zeharo beteko duzulakoan, bihar iluntzera arte, Don Trifon.

                                A. eta K».

 

        Burusoila da Don Trifon; baina bere buru borobilaren gainean dituen ile banakak zutik jarri zitzaizkion hori irakurri zuenean. Eta, haserre bizitan, autoko telefonoa hartu ta bere serbitzariei egin zien dei lehenbizi; gero, bere etxera deitu zuen; ondoren, aiuntamentura (han ez zen inor egon); berehalaxe, Ekidazuko granjara. Eta etxera joan zen bere bihotza ta mihina sutan zituelarik.

        Goizaldeko lau t'erdiak dira baina, ez du afaldu oraindino Don Trifonek. Zerbait hartzeko esan dio bere emazteak, baina alperrik. Jopu aurkitu arte ez du goserik.

        Gezalatarrek ere ez dute afaldu, eserita ez, behintzat. Izan ere, atzo gaueko bederatzietatik hasita, Don Trifon, beronen serbitzariak, herriko aguazilak eta txifa txakur talde haundi bat etxerik-etxe dabiltza lapurren bila.

        Honezkero, etxerik gehienak arakatuko zituzten. Baina ez dute, oraindino, txakur-lapurrik topatu. Ustegabeko lapur txiki ta lege-ausle asko bai. Jakina: eltxoak, euliak eta holako mamorro txikiak arrapatzen ditu armiarma sareak; baina mando euli, listor, erlabio ta holakorik ez.

        —Nire Jopu gizajoa! Nire Jopu kupigarria non ote da? Bizirik ahal da? Ai, ene! Ene errukarria! Ene bada ta ni! —esaten du noizpeinka negarrez Don Trifonen, etxerik-etxe Jopuren bila izerditan dabilen bitartean.

        —Andoni alua! —esaten dute serbitzari lausengariak.

        —Andoni alua, bai! —esan du Don Trifonen emazteak— Andoni zantarra! Andoni gaiztoa! Hura izango zen lapurra... Bera izan da, bai, dudarik gabe. Nora sartu ote da? Egon hemen egongo da nonbaiten. Ekidazuko Koldok deus ere ez dakiela esan omen du baina, gezurra da hori. Andoni ta Koldo biak izango ziren seguru asko.

        Olazaharko Koldoren adiskide kutun bat da Andoni, hura baino hiru urte gazteagoa. Gezala eraiki baino lehenagotik hemen bizi zen arrantzale baten semea da. Albaiteru karrera ikasten egin zituen urte batzuk, Don Trifonek ordainduta. Baina aspertu egin zen, eta albaiterutza bertanbehera utzi ta ofizinista bezala sartu zen Ekidazuko granjan. Hantxe ezagutu zuen Koldo ta hantxe egin ziren adiskide.

        Duelarik bi ilebete, huelga bat egin zuten granjako ofizinistek, Don Trifonek oso gutxi pagatzen zizkielako. Bostehun langile baino gehiago bildu ziren Don Trifonek despatxuko leiho zabalpean, eta iskanbila izugarria sortu zen.

        —Andoni ta Koldo izango ziren nahaste ta zalaparta hau asmatu dutenak. Iraultzaile gogaikarriok...! Zer nahi ote dute orain? —esan zuen bere baitan Don Trifonek.

        Eta dirua ta koipekeria bitarteko zirelarik, gizonen eskubideei jaramonik egin gabe, legeak autsi ta Andoni ta Koldo kanpora bota zituen txakurren erregetxoak.

        Kanpora bota zituen; baina ez, horregaitio, besterik gabe. Andoni ta Koldo ez ziren isil-isilik joan. Horixe ez! Inon direnak eta ez direnak esan zizkien Don Trifoni.

        —Nolako gizona zaitugu zu, ba?

        —Zer, ba?

        —Zer, ba? «Zer, ba?» diozu oraindino? Zagoz isilik, obe izango duzu ta, gizon gizajoen odola txupatzen zabiltzan esplotadore hori, gizonak baino txakurrak maiteago dituzun endekatu hori!

        —Isilik ez ba zagoze, kartzelara sartuko zaituet gero!

        —Hori bai, horixe bai! Hori da, izan ere, arazoak kentzeko biderik errezena: indarraren arrazoia dutenen jokabidea. Eta zu, Don Trifon, boteretsua zara ta lagun boteretsu anitz dituzu, eta jakina: otsoak otsoari gaitzik ez, ta lapurrak lapurrari laztan. Danok gara berdintsuak, baina batzuk berdintsuagoak.

        —Zoazte hemendik kanpora, mesedez!

        —Sartuko gaituzu, bai, presondegi ilun batera, arratoi ta momorroekin bizi gaitezen han. Eta zu, lasai-lasai, txifa txakurrentzat bizileku eder ta dotoreak egiten ahaleginduko zara, gizonak baino maiteago dituzu ta...

        —Alde hortik!

        —Gero, elizan aurrenengo egongo zara, santukeriak egiten, Don Trifon katolikoa ta ongilea guztiek ikus dezaten. Apaizei limosna haundiak emango dizkiezu, zure adiskide izan ditezen ta gizonen eskubide ta justizia ta holakorik aipatu ez dezaten beren sermoietan. Antikomunista amorratua izango zara zu, zure diruak beldurrik gabe gordetzeko edo gastatzeko zeuk nahi duzun modura...

        —Utikan! Jopu! Bota kanpora hauek! Bota agudo, Jopu...!

        —Ez uste, Txarlin, hau hola geldituko denik...

        Azkenean, kendu zituen Don Trifonek bere begien bistatik Andoni ta Koldo, eta kartzelara sartu zituen hiru-lau egunerako.

 

                «Gizona preso daramate.

                Zer esan du?

                Zer egin du?

                Justizia pizka bat eskatu du».

 

        Logura zela ta, alde egin dit Urdek. Bakarrik nago orain aiuntamentu aurreko plazan. Bakarrik nago, baina Don Trifon ta beretarrak dagoz nire ondoan, atseden pizka bat hartzen. Puzka ari dira. Ibitaldi haundia egin dute egin ere.

        Andoniren aita ere hemen dago, harlosa busti ta otzaren gainean etzanda, txifa txakur taldearen erdian. Nekatuta dago ta ubelduraz beterik, astindu egin dutelako.

        Hamabietan joan dira Andoniren etxera. Izan ere, lapurrak Jopuren jarlekuan utzi duten tarjetako «A. eta K». gogoratu zaizkio Don Trifoni.

        —Bai ba! «A. eta K». hauek Andoni ta Koldoren inizialak dira, seguru asko. Nola ez ote zait lehenago gogoratu? Goazen Andoniren etxera, eta zuok seirok auto bat hartu ta zoazte Koldoren etxera, Ekidazuko Olazaharrera. Ea, goazen arin.

        Andoniren gurasoak eta arreba bakarrik topatu dituzte haren etxean, Andoni bera ez.

        Andoni non zegoen galdetu die Don Trifonek haren gurasoei. Ez zekitela erantzun diote. Eta, orduan, etxe guztia arakatu dute Don Trifonek eta.

        Nahi izan dutenik aurkitu ez dutenean, estu ta larri erabili dituzte Andoninekoak, haren aita batez ere. Gcro, aita lotu ta berekin eraman dute txifa txakurren erdian, ta aurretik erabili dute.

 

                «Gizona zigorrez jo dute.

                Zer esan du?

                Zer egin du?

                Seme jator bat izan du».

 

        Guardasolpean, begiak eta erraiak erreta dituelarik, kafe beroa hartzen ari da Don Trifon. Txifa txakur taldea eta gainerako serbitzariak, ugazabaren ordenen zain dagoz. Bostak eta bost dira aiuntamentuko erlojuan.

        Begiak beheratzen hasi zaizkit eta ba noa. Don Trifonek eta ere, bazterrik bazter gezalatarrei loa galerazten ibili barik, ohera joango balira obe egingo lukete. Aho-zabalka ari dira gehienak. Arrausi luzea, logura edo gosea.

        Autoan ere ez naiz ibili aspaldion ta, han kale hartan dagoen «1500» urdina hartuko dut; edo, bestela, hor denda argitsu borren aurrean dagoen «124» zuria. Berdin zait.

        «124» zuriak hertsirik ditu ateak eta leihatilak. «1500» urdinak, ordea, irekirik. Sar nadin barrura. Hau usai gozoa! Irratia Beethoven-en «Hirugarren sinfonia» jotzen ari da. Leiho batean dagoen katua, ostera, gitarra jotzen. Don Trifon beheak eta goiak jotzen.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia