Berriatua Imanol

 

        Elantxoben jaioa (1914). Frantziskotarra.

        Aita Arriandiagaren erritar onek beste bide batzuetatik eroan nai dau gure izkuntza idatzia eta Arriandiagaren antzera, au bere, aurrelari bat dogu.

        Erri biziagandik ur-ur dabil aita Berriatua. Eta erriko berba bizi-biziak (naiz «garbiak», naiz erderatikoak) nasaitasun osoagaz erabilten ditu. «Batzuk beste euskera bat gura izango leukee, garbiagoa, bitxiagoa. Baiña orain bizi dan euskerea ez da orrelakoa. Komentzidu gaitezan. Izkuntza baten giarrea mintzabide izan ala ez izanean datza. Nire ustez, euskera biziaren gaiñean egin bear dogu lan. Euskaltzaleen problema nagusia ez da izkuntzearen bitxitasuna, garbitasuna, bere bizitasuna baiño» [1].

        Ona emen bere idazlanak:

        «Kristiñau katezismoa» (1956).

        «Pinotxo»; «Mari Errauskin»; «Edur-zuritxu ta zazpi epoak»; «Katua zapatakaz»; «Loakartutako printzesatxua»; «Beraunezko soldadutxua»; «Alizia gauza miragarrien munduan»; «Paitakume itxusia», eta abar. Mundu guztiko ipuiñik ederrenak euskeratuta, oso ederto euskeratuta, ta oso ederto apainduta. Liburutxo mordo ederra ta onuragarria ikastoletarako.

        «Bermeoko arraintzaleen leksikua». «Euskera», 1963-64.

        Gaiñera «Anaitasuna» aldizkarian argitaratutako itxas-kronika bizi-bizi ta bikaiñak.

        Ona emen bere lora eder bat:

 

 

        Bermeoko arraintzaleak

 

        Bermeoko arraintzaleak (arraintzaleak, ez arrantzaleak), itxasoan lan egiten dabenak, bi milla ta berreun dira. Euretariko geienak, Bermeon jaioak. Nire ustez, ez dira eunera eltzen kanpotik etorri direan erdaldunak.

        Bermeotar arraintzaleak beti egiten dabe eskueraz (eskueraz, ez euskeraz). Barkuetan ez da besterik entzuten. Euren arteko erdaldun banakak ez dira orregaitik keixetan. Ze erremedio! Pozik egoten dira eurakaitik noizik noizera egiten direan erderazko konbertsaziño laburrakaz. Erdaldun batzuk eskueraz ikasten dabe, batez bere mutil gazteak. Mundakako arraintzale asko Bermeoko enbarkaziñoetan dabiltza. Mundakarrak, ba dakizue, erdi galdu egin dabe eskuerea; baiña Bermeora datozan arraintzaleak laster ikasten dabe eskueraz ondo egiten Bermeotarren alboan.

        Bi milla arraintzale gau ta egun eskueraz egiten. Joan Bermeoko tabernetara, lamerara (alameda), ziñetara, ta ikusiko dozue. Joan, batez bere, arraintzaleen Kofradiara; asistidu Junta Jeneral batera. Antxe ikusiko dozue saloi andi bat, arraintzalez beterik, danak euren profesiñoko interesak defendidu ta jagoteko listo. Antxe entzungo deutsazue sekretarioari, karreradun bateri, eskueraz berba egiten Bermeoko arraintzaleen problema ekonomiku-sozialen gaiñean.

        Baiña ez pentsa, gero, problema orreek txikiak direanik. Bermeoko igazko arraiñak berreun milloi peseta balio izan dau. Espaiñia guztian baixurako arraintzan Bermeok dauko flotarik andiena. Urtean baiño urtean barku geiago egiten diardue Bermeotarrak. Barku andiagoak, ederragoak, modernoagoak. Portuan ez dago ainbeste untzirentzako lekurik. Portu aundiagoa egin bear da. Edur fabrika kapazagoa. Orretarako dirua bear da. Milloi asko. Gobernuari eskatu bear jako. Problema ekonomiku andiak.

        Euron gaiñean berba egiten dago sekretarioa. Beti eskueraz. Otsean otsean asten dira berba egiten batzarreko arraintzaleak. Beti eskueraz. Eurak ez dauke edozer gauzaren gaiñean berba egiteko difikultaderik. Eskuerea da euren berbabidea. Bide erreza, naturala, guztiz egokia. Eurak ez dauke leksiku problemarik. Ez deutse bapere ardura euren leksikuaren erroak erbestekoak badira, frutua beti euskualduna da-ta. Euren ustez, euren eskuerea ona da, total ona, biziteko eta gizon modernuak izateko balio deutselako.

        Orra or eskualdun uri aundi bat. Amalau milla abitanteko uria. Arraintzaleak, euren familiakaz, bederatzi milla edo dira. Beste guztiak, terrestreak. Kanpotar banaka batzuk izan ezik, erritar guztiak eskueraz dakie, askotan —batez bere terrestreak— erderaz egiñarren [2].

 

        [1] «Bermeoko arraintzaleen leksikua», «Euskera», 1963-64, 385-garren orrialdean.

        [2] «Bermeoko arraintzaleen leksikua», Bermeoko euskeraz, apur bat orraztua.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia